UPV/EHUren hasierako orria zabalduko da

Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoa

Azken eguneratzea: 2011/11/28

Tecnalia Ikasgelak 10. urteurrena ospatu du Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoan
PRENTSA-OHARRA L&V COMUNICACIÓN
  • Hamarkada batean, 143 ikasle trebatu ditu, eta, haren baitan, ikasketa-amaierako 120 proiektu, 50 ikerketa-proiektu eta ehun argitalpen tekniko baino gehiago sortu dira
  • Ingeniaritza-ikasleentzat, espezializazio-aukera bat da, eta lan-munduko errealitaterako lehen kontaktua; TECNALIArentzat, berriz, talentu berriak aurkitzeko abagunea da
  • Azken urteko 40 titulatuek gaur jaso dituzte beren diplomak, Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearen, Eskolako zuzendariaren eta TECNALIAko zuzendari nagusiaren eskutik

Bilbo, 2011ko azaroak 25. TECNALIAren ikasgela teknologikoan 2010-2011 ikasturtean egindako lana aintzatesteko diplomak jaso dituzte gaur Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoan ikasketetako azken mailetan dauden 40 ikaslek; ikasgela teknologikoak 10. urteurrena bete du aurtengo ikasturtean.

Diplomak emateko, ekitaldi akademiko bat egin da, eta han izan dira Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea, Enrique Amezua Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoko zuzendaria eta Joseba Jauregizar TECNALIAko zuzendari nagusia, ikasgelako ikasle eta irakasleekin batera.

Ikerketa aplikatuko zentroak eta Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoak lankidetza-hitzarmena dute 2001ez geroztik zientzia, teknologia eta hezkuntza alderdietarako, eta hitzarmen hori dute oinarri ikasgela teknologikoko jarduerek. Ordutik, 143 ikaslek hartu dute parte, eta 80 tutoreren laguntza izan dute; batzuk unibertsitateko irakasleak dira, eta, beste batzuk, TECNALIAko ikertzaileak. Lan horrek eman du bere emaitza: 50 ikerketa-lan sortu dira, eta, horietatik, ikasketa-amaierako 120 proiektu. Horrez gain, ikasgelako jarduerari lotutako 120 argitalpen tekniko baino gehiago egin dira.

Ikasleentzat, espezializaziora bidean egiten duten beste pauso bat da ikasgela, eta lan-munduarekiko lehen kontaktua; TECNALIArentzat, berriz, baliagarria da bere lantalderako talentu berriak aurkitzeko. Hala, ikasle horietako 26k izan dituzte ikerketa aplikatuko zentroan ikerketa-egonaldiak egiteko bekak, eta, beste 12, lantaldean sartu dira.

Ikasgela mugimenduan

Hamar urtez elkarlanean jardun ondoren, TECNALIA ikasgela da, gaur egun, Eskolan dauden guztietatik promozio gehiena izan dituena, bai eta handiena ere, garatzen dituen ikerketa-proiektuei dagokienez.

Hamarkada honetan, diseinu mekanikoa, elektronika eta telekomunikazioak, energia berriztagarriak, ikusmen artifiziala, laguntza-teknologiak eta automobilgintza alorrek izan dute protagonismo handiena ikasgelan. Materia horietan bikaintasun-maila handia lortu ondoren, 2011-2012 ikasturte honetatik aurrera, lan-alor berriak gehituko ditugu, TECNALIAk lantzen dituen eta punta-puntan dagoen jarduera-eremuetakoak, esaterako, osasuna, garapen jasangarria eta garraioa. Ikerketa aplikatuko zentroak alor horietan duen esperientziarekin, talentuak trebatu ahal izango ditu gaur egungo gizartearen erronkei aurre egiteko.

Bestalde, TECNALIAren eta Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoaren lankidetza-hitzarmenaren barnean beste zenbait jarduera ere badaude, hala nola ekipamenduak eta instalazioak batera erabiltzea, talde mistoekin ikerketa-proiektuak eta argitalpen zientifiko-teknologikoak egitea, ikastaroak ematea, informazio-trukea, eta doktoretza-tesiak eta ikasketa-amaierako proiektuak (lehen ere aipatu ditugu) sustatzea. Jarduera horien guztien helburua da profesionalak bikaintasunean trebatzea bultzatzea.

Gero eta argiago dago unibertsitatearen eta enpresaren arteko lankidetza-mota hau, ikasgela teknologikoen bidezkoa, tresna egokia dela ikasleak euskal industria-sarearen errealitatera hurbiltzeko; izan ere, ikasgeletan parte hartzen duten ikasleak lehenago hasten dira lanean beren promozioetako batez bestekoa baino.

TECNALIAri eta Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoari buruz

Ikerketa aplikatuko Espainiako lehen ikerketa-zentroa da TECNALIA, eta Europako garrantzitsuenetako bat. Modu sistematikoan dihardu elkarlanean Unibertsitatearekin, ikerketa estrategikoko bere lerroen dimentsioa eta bikaintasun zientifikoa handitzeko.

Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoko ikasgelak Eskola barruko laborategi-ikasgelak dira, enpresekin batera sortuak eta finantzatuak, I+G+Bko beren jarduerak sustatzeko. Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoaren unibertsitate-sailen eta hango laborategi eta enpresen artean lankidetza sustatzeko tresna eraginkorrak dira. Ikerketari, teknologia-garapenari nahiz berrikuntzari lotutako jarduerak lantzen dituzte, baita trebakuntzari buruzko guztia ere. Etorkizuneko ingeniariak trebatzen dituzte, eta birziklapena eta trebakuntza iraunkorra eskaintzen diete enpresetako langileei.

TECNALIAk eta Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoak, Donostia International Physics Center-ekin (DiPC) batera, EUSKAMPUS proiektuan parte hartzen dute. Proiektu horren helburua da Euskal Herria aitzindari bihurtzea nazioartean prestakuntzari, ikerkuntzari, berrikuntzarako gaitasunari eta jakintzaren transferentziari dagokienez.

BILBOKO INGENIARITZA GOI ESKOLA TEKNIKOKO PRENTSA KABINETEA